Urdaibaiko Biosfera Erreserba

Urdaibai, Bizkaiko natur bitxietako bat da, non ekologi oparotasun handiko eta babestu beharreko habitat ugari garatu dira bertan.

Oka ibaia (gune horretako ardatz nagusia) Oiz mendian jaio eta hango hegaletan behera dator, Gernikaraino, hantxe itsasadar bilakatzen da marea edo itsasaldien eraginez. Gernika inguruan, padura zabalak ikusten dira 12 km inguruko azaleran, ibaia Mundakan itsasoratzen den lekuraino. Han, estuario zabala eta hareatza handiak sortzen dira; beraz hiru tarte bereiz ditzakegu Urdaibain:

  • Oka ibaiaren sorburua, Oiz mendian.
  • Gernika eta inguruak, hantxe Oka ibaia itsasadar bihurtu eta padura handiak eratu dira.
  • Ibaiaren bokalea, Mundakan. Estuario zabala eta hondartzak ageri direlarik alboetan.

Urdaibai erreserbak 220 km2 dauka guztira, Bizkaiko azaleraren %10. Erreserbak 22 udalerri biltzen ditu barruan, baina Morga eta Zornotzak, oso lur-azalera txikia dute erreserbaren barruan. Eskualdean 42.500 biztanle bizi dira, erdia Bermeo eta Gernika-Lumon bizi dira.

Erreserbaren hedadura eta kontserbazioa kontuan hartuta, Urdaibai Euskal Herriko hezegune behinena izatez gain, nazioarteko interes handiko aldea ere bada, Europako iparraldetik datozen hegaztien atseden leku eta negu pasarako eremu bikaina delako. Hori dela eta, Unescok Biosferaren erreserba izendatu zuen 1984-ko abenduan. Bost urte geroago, 1989-ko uztailean, Eusko legebiltzarrak aho batez onartu zuen Urdaibai babestu eta antolatzeko legea.

Aipatzekoa da baita, erreserba Ramsar-eko hitzarmenean dagoela (1992); hitzarmen horrek munduko hezegune garrantzitsuenak biltzen dituelarik.

Europako iparraldeko hotzetatik ihesi doazen hegaztiek babesa hartzen dute Urdaibain, hegoaldera imigratu baino lehen, klima epelen bila. Espezie bitxiak ikus daitezke, baita iberiar penintsularako ere, hala nola, baranta, eider edo abozetak. Horiez gain, lertxun auskarak, ubarroiak, txenadak, anatidak, mokozabalak, kaioak eta zangoluze ugari, besteak beste, kurlinak, txirriak, kuliskak, bernagorriak...

Bestetik, Izaro uhartean eta Ogoñoko itsas labarretan kaio eta horren arrunt ez diren beste espezie batzuen kolonia ugari daude, besteak beste, ubarroi mottodun eta belatz handiena.

Funtsean bi paisaia mota nagusi dira ingurunean: barrualdekoa (mendi malkartsuak eta hegal aldapatsuak) eta itsasertzekoa (itsaslabarrak). Garaiera txikiko mendiak (Sollube garaiena 663 m eta bigarrena Goroño 607 m) ageri dira itsasadarraren bi aldeetan.

Kantauriko artadia itsasadarraren alde bietan hedatzen da, eta bereziki zaindu behar da. Habitat horretan, honako animalia hauek bizi ohi dira: Katajinetak, lepazuriak, azeriak, trikuak, birigarroak eta zozoak. Beste alde batetik ekosistema horien ondoan, ingurunean txertaturik dagoen, landazabala hedatzen da. Nekazaritza sistema horrek natur balio handia dauka, barruan garatu diren habitat ugariek baliabide eta babesleku anitz eskaintzen dizkiete bertako biztanleei, batez ere hegaztiei. “Zoritxarrez” pinuak eta eukalituak erreserbaren azaleraren %65 atzematen dute.

Laburbilduz, Urdaibain babestu beharreko alderdiak honako hauek dira:

  1. Itsasadarrari loturiko hezeguneak.
  2. Kantauriko artadia.
  3. Itsasertza.

Hondartzez ere gozatu daiteke Uradaibain; Laga, Laida, Laidatxu edo San Antonion;Txatxarramendi uharteaz; Mundaka, Bermeo, Gernika eta Elantxobe herri ederrez ere bai. Ikusgarriak dira baita arkitektura erlijioso eta eraikin zibilak, basaelizak, udaletxeak, dorretxeak,baserriak, tradizio handiko jaiak, etab.

Beste alde batetik, erreserbaren arkeologia-ondarea nabarmendu behar da, aire zabaleko erromatar aztarnategia Foruan, baita lurpekoa Santimamiñeko kobak Kortezubin. Santimamiñeko kobetatik hurbil Oma basoa aurkitzen da, bertan Agustin Ibarrolaren Baso biziduna ikus daiteke. Basoko pinuen enborretan margoturiko lanek osatzen dute arte-multzo hori.

Urdaibain kirol jarduera asko egin daitezke; surfa Mundakan eta Lagako hondartzan, mendi ibilaldiak, mendi bizikleta, piraguismoa, etab.

Urdaibai osotzen duten udalerriak: Ajangiz, Arratzu, Arrieta, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelua, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Munitibar, Murueta, Muxika, Nabarniz, Sukarrieta, Zornotza.