Albisteak

 

 

UNAI REMENTERIA MAIZ JAUNAK, MUNDAKAKO UDALEKO ALKATE-LEHENDAKARIAK,
 
HONAKO HAU JAKINARAZTEN DU

Mundakako Udalak, 2010eko martxoaren 1ean burututako osoko bilkuran, ANIMALIAK EDUKITZEA ETA ZAINTZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA onartzea ebatzi zuen.


Honekin, Eusko Legebiltzarretik jasotako araudia garatzea bilatzen da, horretarako, batetik, animalien eta gure arteko bizikidetza arautuz, eta,interes orokorrek eskatzen duten orekaren barruan osasungarritasun publikoa eta haienganako errespetua, babesa eta zainketa uztartuz; eta bestetik, arriskutsuak izan litezkeen animaliak edukitzea arautuz.

Hau dela-eta, txakurrak dituztenek edo haien jabe direnek bete beharreko zenbait betebehar finkatu dira. Tartean, honako hauek nabarmendu genitzake:

1.- Jaiotzen direnetik eta hilabeteko epean Udaletxean identifikatu eta erroldan sartu beharko dira. Betebehar hau, lagun egiteko beste animalia batzuen kasurako ere zabal daiteke, eta, albaitari ofizial batek ezarriko dien mikrotxip edo elementu mikroelektroniko baten bidez egingo da.


2.- Gorotzak bide eta gune publikoetan gera ez daitezen behar diren neurriak hartu beharko dira.

3.- Galduz gero, salaketa jarri beharko da.

4.- “Arriskutsuak izan litezkeen animalia” izendatutako animaliak eduki nahi izanez gero udal lizentzia administratiboa eskuratu beharko da, aurretik, aipatutako Ordenantzak jasotzen dituen betekizunak bete beharko direlarik. Horrez gain, arriskutsuak izan litezkeen animalien udal Erregistroan eman beharko dute izena.

Ordenantzak zehatzeko-araubidea erregulatzen du, arau-hausteak arintzat, larritzat eta oso larritzat sailkatuz. Horrez gain, dagokion zehapen-espedientearen izapideei lotutako administrazio-zigorrak ere arautuko ditu.


Ordenantza 2011ko urtarrilaren 1etik indarrean jartzeak, animalien eskubideen inguruan, animaliak dituztenen edo haien jabe direnen kontzientzia soziala indartzea eta gaur egungo eremu sozialaren barruan bizikidetza egokia arautzeko esparru baten beharrizanaz jabetzea du helburu.


Guzti hau, jendaurrean azaldu da, denek jakin eta bete dezaten.