Albisteak

Surf-a Mundakan 

Mundakako udaletxeak ASPk eta Billabongek 2010eko Mundakako Surf Txapelketa ez ospatzea erabaki izana sentitzen du. Dena den, udaletxeak aurten gogor lan egiteko konpromisoa hartu du 2011. urtean Billabong Pro Surf Txapelketa berriz ere Mundakan ospatu ahal izateko.

Mundakako udaletxeak uste du erabaki hori hartzeko arrazoi garrantzitsuenetako bat mundu mailako krisi ekonomikoa izan dela. Horrez gain, aurreko txapelketan Olatuarekin izandako zorte txarrak ere zerikusia izan du, nahiz eta ikerkuntza zientifikoen arabera hemen Olatua “ezin hobea” izan hiru egunetik behin. Izan ere, surfean aritzeko baldintzak ehuneko handi batean (neguan % 50-62 bitartean) betetzen dira Mundakan. Beraz, erabakia ez dela behin betikoa uste dugu.
Mundakako, Busturialdeko eta Bizkaiko ostalaritza eta zerbitzuen sektorearen garapen ekonomikoarentzat oso garrantzitsua da Mundakako Surf Txapelketa. Kirolaren ikuspuntutik, txapelketak berebiziko garrantzia du Euskadiko surflarien taldea sustatzeko. Hori dela eta, Mundakako udaletxeak antolatzaileei ideia berriak helaraziko dizkie eta txapelketa ospatzeko data desberdinak aztertuko ditu, horiek ere kontuan har daitezen. Aipatutako proposamen berriak AZTI-Tecnaliaren ikerkuntza zientifikoen emaitzetan oinarrituko dira, beraiek zehaztuko baitute surfean aritzeko baldintza hoberenak noiz gertatuko diren. Ikerkuntza zientifiko hauek egiteko Mundakako udaletxea eta Ozeanografia Institutua elkarlanean aritzen dira.
Laburbilduz, ASPk 2010. urterako hartutako ohiz kanpoko erabakia ez dela behin betikoa uste dugu, eta beraz 2011. urtean txapelketa berriz ere Mundakan ospatzeko ahalegin guztiak egingo ditugu.