Albisteak

alkatearen izendapena osoko bilkuran 

Zapatu honetan, urtarrilak 19, Mundakako Udalak Ez Ohiko Osoko Bilkura ospatu dau Aitor Egurrola Mundakako Alkatea izendatzeko. Honek, Unai Rementeria ordezkatuko dau, Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza Diputatua izateko kargua utzi ostean.

Mundakako Udalaren Bilkura Aretoak hartu dau zapatu honetan, eguerdiko 12:00etan, Aitor Egurrola Mundakako Alkatea izendatzeko Ez Ohiko Osoko Bilkura. Orain arte 2. alkateordea izan da Egurrola Mundakako Udalan.

Aitor Egurrola, 42 urtekoa, Gernika-Lumokoa da eta Mundakan bizi da orain 13 urtetik hona.  Mundakako zinegotzia izan da azken legegintzaldian eta Ogasun saileko arduraduna. Geografian lizentziatua eta Ingurumen Masterra izanda, Eusko Jaurlaritzako Metereologia eta Klimatologia Zuzendaria izan zen, Europako Espazio Agentzian lan egin zuen (1998-2000) eta baita IDOM Ingeniaritzan barne egon zen be 2011rarte. Gaur egun Busturialdeko Ur Partzuergoko gerentea da. 

Mundakako Alkate barriak erantzunkizunez, ohore eta ilusio handiz hartu dau kargua. Horrela, Mundakaren alde eta Mundakagatik lan egingo duela nabarmendu dau, orain arte aurreko Alkatea eta bere Gobernu Taldeak egin izan daben bezala.