Albisteak

 

Mundakak herriko sinismenak eta antzinako ohiturak oso errotuta mantentzen dauz. Honen islada, San Juan gau magikoaren ospakizuna da. Argi beteagaz bat eginez Lezako Andrea sorgina sutara eramango da, bakoitzaren irudimen txarrak sutara botaz gauza onak erakartzeko asmoz.

San Juan bezperako sua Mundakan oso errotutako ohitura da antzinatik, jentilen sinismenenetik. Izan be, herrian Lezako Andrea edota Lamiaran bezalako erreferentzia toponimikoak aurkitzen dira.
Mundakako antzinako sinismenak eta ohitura herrikoiak gogoratuz, ohiko San Juan sua ospatuko da, udako solstizioari ongi etorria emateko. 

San Juan gau magikoa, ekainak 23an, arratsaldeko 18:00etan hasiko da Mundakan Sorgin Txikiagaz Erreka auzoan, herriko neska-mutilek euren ospakizun propioa izan ditzaten.

Antzinako ohitura iluntzean berpiztuko da. Legendak diñoenez, Lezako Andrea sorgina herriko kaleetan agertuko da, sutara eramateko prest, bere Katu-baltz eta Mozoloagaz.  Ibilbidea honako hau izango da: Goiko Kaletik, Portutxu Kalera, Artza, herriko plazara, hemen omenaldi dantzarekin, eta ilargi beteagaz bat, talako muturrera eramango da sorgina azken arnasa emoten. Herriak dantzan egingo deutso sorginari, beti ezkerretik eskoira, sorgina erre arte eta "gaur dala bihar dala Doniene..." bezalako ohiko kantak abestuz. Bakoitzak sutara botako dauz bere irudimen txarrak suak garbitu daien hurrengo urterarte.