Albisteak

 

Mundakak tradizio handiko "Aratusteak" ospatzen dauz, munduan bakarra dan jai tradizional apartekoa. "Atorrak" edota "Marrauak" eta "Lamiak" pertsonaia herrikoiak kaleratzen dauz, herriko gizon eta emakumeak antzestuta.  Jaiagaz eta tradizioagaz batera aurton hitzaldi bat eta erakusketa ezberdinak eskeiniko dira.

Aratusteen aurretik, barikuan, otsailak 28, Juan Antonio Urbeltzek, antropologoa eta folklorista ezagunak, "Los bailes de Espada y sus símbolos: ciénagas, insectos y moros" liburuaren egileak, geure folklorearen gaineko hitzaldia eskeiniko dau.    Urbeltzek sari eta nazioarteko errekonozimendu ugari jaso dauz, besteak beste, Middlesbrough-eko Nazioarteko Dantza Sari Nagusia (Ingleterra, 1968); Collier d’Argent Nagusia eta Distinction Chorégraphique Dijon-en (France, 1970); Prix International Danse à Charleroi-koa (Belgique, 1973); Llagollen-eko Nazioarteko Saria (Gales, 1974) eta Hambourg-eko Alfred Toepfer Fundazioaren Kultura Herrikoiaren Europako Saria  (Allemagne, 1998). Juan Antonio Urbeltz Jorge Oteiza Museoko Fundazioaren patroia da, Sociedad Bascongada de Amigos del País-eko kidea eta baita Eusko Ikaskuntzako kidea ere, bertan Floklore Sekzioaren presidentea da.
Hitzordua 19:30etan da, Mundaka BC-k Lehendakari Agirre emparantzan duen dendan.

Mundakako Aratusteak zapatuan hasiko dira, martxoak 1, Mundaka Txistu eskolako danborrero txikien kalijiaragaz arratsaldeko 17:30etan. Ostean, Gazte-Zar Dantza Eskolaren dantza ikuskizuna eskeiniko da plazan.

Domekan (martxoak 2) 10:00etan jai egunari hasiera emateko txistulari marrauak ibiliko dira kalerik kale. Ohitura jarraituz Marrauak atorraz jantzita irtengo dira, Mundakan bakarrik erabiltzen den aparteko janzkera (praka, alkondara zuria, gona lepoan eta gerrian, parpailazko burko azala eta koloredun paineluak buruan). Kalejira Jose Mari Egileor herriko musikariaren etxepetik abiatuko da, "Aratuste" abesti itsaskorraren egilea, hain zuzen be. 

12:30etan herriko gizonezkoek atorra soinean euren errondea hasiko dabe, ehundik gorako taldea osatuz, kalerik kale atorren koplak abestuz. Irteera J. Mª Egileor musikariaren etxepetik izango da baita be eta  14:00etan portuan batuko dira atorrak kantu zaharrak abestuz, ibilbidea Txopoetan bukatuz..

Arratsaldean, 18:00etatik aurrera emakumezkoen txanda izango da, lamiaz mozorrotuta (legendaren arabera Mundaka inguruan bizi izan ziren sorginak), herriko kaleetan zehar ibiliko dira kalejiran dantza eginez eta abestuz. Lamiaran inguruko lamien kanona jarraitzen dabe janzkeran: baltzez jantzita, aurpegia zuriz, gorriz eta baltzez margotuta, peluka ori-zurixka eta painelu gorriagaz. Euren kalejiraren ostean marrauekaz batuko dira gaueko ordutararte.

Aratusteak Mundakan martitzenean, martxoak 4ean, jarraituko dira. Egun horretan umeak izango dira protagonistak. Goizean Mundakako Eskolako umeen kalejira irtengo da Isla-Kale kiroldegian bukatuz eta umeen emanaldia eskeiniz bertan. Arratsaldean, 17:30etan, "Xaibor"en musika dantzagarriagaz gozatzeko aukera egongo da plazan.

Gainera, asteburuan zehar, Mundakako Atorrak Elkarteak antolatuta, Aratusteen gaineko erakusketa zabalik egongo da Mundaka BCko lokaletan (Lehendakari Agirre plazan). Erakusketan "Marrauen" eta "Lamien" argazkiak izango dauz, kartelak, liburuak eta mundakako aratusteen gaineko bestelako dokumentuak.

Asteburuan zehar baita, barikutik domekara bitartean, Juan Tribisarrospe  Kultur Etxean, Gernikan ospatuko den 2014ko Ibilaldia, Urdaibai & Bihozfera lemapean antolatutako ekintzen barne, argazki erakusketa ibiltaria egongo da.