Albisteak

 

Urriaren 24an emango zaio hasiera “Mundaka Tubes” Mundakako II. “Online” Surf Txapelketari. Mundakako barran “hodi” bat egin, bideoan grabatu eta txapelketarako sortutako web orrira igotzen duen edozein surflarik har dezake parte. Irabazleak 7.500 euro jasoko ditu, 6.000 berarentzat eta 1.500 bere kameralariarentzat.

Mundakako Udalak surfa bultzatzeko asmoz sortutako ekimen honek bere bigarren edizioa du aurtengoa. BiscayTIK Fundazioak laguntza teknologikoa eskainiko dio berriro ere bere internet bidezko parte-hartze plataforma txapelketaren esku jarriz. Aurretik, Balmasedan eta beste hainbat udalerritan erabili izan den plataforma honi esker, txapelketaren webgunean bideoak igo daitezke eta edozeinek bozka ditzake.

Teknologia eta kirola uztartzen dituen txapelketa eredu honek kalitate handiko “hodien” arteko lehia bermatzen du; izan ere, surflariek ia hiru hilabete dituzte olaturik onena hautatzeko, epe itxi batean itsasoaren egoeraren menpe egon barik.

Parte-hartzaileek www.mundakatubes.biz web orrian izena eman eta bideoak igo ahal dituzte. Mundakako barran 2012ko urriaren 24tik 2013ko urtarrilaren 6ra hartutako “hodien” bideoak baino ez dute balio izango.Hala ere, 2012ko abenduan Mundakan egingo den Euskal Surf Zirkuituan hartutako olatuek ez dute balio izango. Bideo bakoitzaren iraupena gehienez minutu batekoa izan beharko du eta txapelketaren web orrira sartzen den edonork bozkatu ahal izango ditu.

Surflari eta kameralari guztiak kategoria berean lehiatuko direnez, sarien banaketa kategoria bakarrean egingo da. Lehenengo saria honakoa izango da:  6.000€ surflariarentzat eta 1.500€ kameralariarentzat, eta txapelak. Bigarren saria 2.750€ surflariarentzat eta 750€ kameralariarentzat eta garaikurra izango da, eta hirugarren saria 1.350€ surflariarentzat eta 400€ kameralariarentzat, gehi garaikurra.

Gainera, metagarria den publikoaren online saria ere badago: “Tablet” bat surflariarentzat eta bereizmen handiko bideokamera digital bat kameralariarentzat.

Iazko edizioan Aritz Aranburuk eta Isio Noya kameralariak irabazi zuten. Bigarren saria Iker Fuentesek eta berriz ere Isio Noya kameralariak jaso zuten, eta hirugarrena Txaber Trojaolak eta Jon Aspuru kameralariak lortu zuten. Beraientzat izan zen ere publikoaren online saria.

, webgunean parte-hartzaile bakoitzaren micrositea (bere datuekin) eratu ondoren, partaide bakoitzak nahi bezala kudeatu ahal izango du bere curriculuma edo bere surf-historiari buruzko sarrera txiki batekin (gehienez 500 karaktere). Micrositera igotzen dituen bideoak ere kudeatu ahal izango ditu bidalitako bideoak ezabatuz, bideo gehiago aurkeztuz edo ezabatutakoak ordezkatuz, betiere gehienez bost bideo izan ditzakeela kontuan hartuta.

Partaide bakoitzak bere atal propioa kudeatu ahal izango du www.mundakatubes.biz web orrian. Bertan curriculuma edo bere surf-historiari buruzko sarrera txiki bat (gehienez 500 karaktere) eta gehienez bost bideo igo ahal izango ditu. Izen-ematea errazteko, Mundakako turismo bulegoko ordenagailua erabili ahal izango dute.

Irudiei dagokienez, uretatik kanpo ateratako irudiak baino ez dira onartuko, beste bide batzuen bidez hedatu ahal izateko nahiko kalitatearekin, mozketarik gabe eta edozein formatu digitalean. Ikuspuntu edo perspektiba desberdinak saihesteko, irudiak talaiako triangelutik edo Herrera kaiaren eremutik hartzea gomendatzen da.

Epaimahaiak bost kide izango ditu, bakoitzak bozka batekin: Mundakako Udaleko ordezkari bat, Mundakako Surf Taldeko ordezkari bi eta Billabong-eko ordezkari bi. Hurrengo irizpideak hartuko dituzte kontuan: takeoff estua, olatuaren zailtasuna, hodiaren sakonera, hodiaren luzeera, olatuaren bertikaltasuna, hoditik irteera garbia egitea eta surflariaren estiloa.

Informazio gehiago eta txapelketaren oinarriak honako web orrian: www.mundakatubes.biz.

Facebook: http://www.facebook.com/mundaka.tubes.1
Twitter: @MundakaTubes