Albisteak

 

Udalbatzak egindako HAPO-aren lehen onarpenarekin, Mundakako Udalak plangintzaren aurkezpen publiko bat egingo du, hurrengo 8 urteetarako aurreikusitako proposamenaren herriko garapen jarraibideak herritarrei ezagutaraziko zaizkiela. Helburua ahalik eta partehartze handiena lortzea da, mundakarren beharrizanak eta sentipenak isladatuko dituen herri eredu bat disenatuz.

Mundakako Udalak HAPO-aren onartzeari ekin zion abenduaren 4ean, udalaren zirriborroaren erakustaldi publikoaren hiru hilabetetako epea bukatu bezain laster, auzotarrek planaren berri izan zezaten.
Hurrengo asteetan Udaletxeak, idazle taldearekin batera, herritarrei plangintzaren aurkezpen bat egingo die, eta triptiko bat gutunontzietara botako ditu, plangintzaren lerro nagusiak agertzen dituena. Ondoren, 45 eguneko epean, alegazioak aurkezteko aukera izango dute.
Aurretik, uztailaren hasieran, idazle taldeak zinegotziz, talde kulturalez eta herriko erakundeez osatutako komisio taldeari eta korporazioari planaren hasierako aurkezpen bat egin zien.
Mundakako HAPOren aurrerapena honako antolamendu irizpideetan oinarritzen da: herrigunearen egitura osatzea, dauden industria eremuak finkatzea, eta dotazio eta ekipamendu maila hobetzea, besteak beste. Hiri lurzoruko finkatu gabeko etxebizitza eremuen antolamendu proposamena Itxasbegin, Basamortun, Geltoki-Mondullun, Txorrokopuntan, Errekan eta Larrinaga Jauregian kokatzen  da.

Hirigune Historikoko Birgaitze Integratuko Arean, Mundakako Hirigune Historikoaren Eraberritze Plan Bereziaren irizpideak mantentzen dira. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamu Gidaren aplikazioa modu zorrotzean beteko da.

Garapen ereduak hazkunde jasangarria eta trinkoa proposatzen du. Bestek beste, dokumentuak irisgarritasuna azpimarratzen du, autobus geltoki berriarekin eta aparkamendu kopurua gehituko duen eta barne komunikazioa hobetuko duen bide-ardatz berriarekin. Zentzu honetan, 100 bat azaleko aparkaleku sortuko dira, planak aurreikusten dituen lur-azpiko parkinei gehituz.

Herritarrei etxebizitza eskuragarria bermatzeko udal konpromisoarekin bat eginez, eta lurzoruko legeak Mundakarako etxebizitza tasaturik aurreikusten ez dituen arren, Mundakako Udalak herritarrak, bereziki gazteek, etxebizitza eskuratzea erraztearen aldeko apostua egiten du. Zentzu honetan, 188 etxebizitza berri aurreikusten dira, % 36 tasatuak eta % 64 araubide librekoak. Mundakak %9,8 ko urbanizatuko azalera du eta planteamendu berriak portzentaia horretatik bakarrik %0,8ko azalera urbanizatzea aurreikusten du. Hazkunde arrazionala eta moderatu honek lurzoruarekin ez espekulatzea bermatzen du eta baita zerbitzuak hobetzea ere, herritarren bizi kalitatea hobeagoa lortzeko.

Aurreikusitako etxebizitza erabilera 122.197m2koa da, industria erabilera 126.198m2koa, ekipamendu erabilera 23.459m2 koa eta espazio libreen erabilera 28.963m2koa. Adibide gisa, udal kiroldegia handitzeko lur azal bat prestatzea aurreikusten da.