Albisteak

 

Mundakako Udalak Osoko Bilkuran aprobatu dau 2014rako udal aurrekontua, 2.272.920€takoa, 2013koarekin alderatuz nabarmen baxuagoa. Mundakako Udal gobernuak lehentasun ordena egokia funtsezkoa duen lan plangintzarekin egingo deutso aurre urteari, horrela, baliabideak optimizatu, gastua kontrolatu, zerbitzuak mantendu eta mundakarren bizi kalitatea bermatzeko.

Herstura egoerak eta aurrezpen beharrizanak, kudeaketarako aurrekontuaren partida bakoitzean dute islada. Aurrekontuaren ondasun arruntak eta zerbitzuen gastuetako kapituluak, murrizketarik nabarmenena jaso du, 2013an garatutako azken aurrekontuarekin alderatuz, %41,48ko murrizketa. Baina murrizketa honek ez du eraginik izango hiri-altzarien mantenimenduetako gastuetan.

Eraginik nabarmenena izango dabeen partidak honakoei dagozkienak dira: herriko ekintza sozio-kulturalak, kirolekoak  edota jaien gastuetakoa. Izan be, gobernuaren helburua oinarrizko zerbitzuei lehentasuna emotea da herritarren ongizatea bermatzeko.

Inbertsioen partida 72.100€tan geratu da. Halan be, proiektuak garatzerako orduan edota hauek aurrera eraman ahal izateko diru-laguntzak kudeatzeko udal gobernuak duen jarrera proaktiboak, partida hau igotzeari lagundu daiteke, 2013an geratu zen bezala.

Aurreikusitako inbertsioen artean honakoak nabarmentzen dira:

Argi instalazio barriak ( farolak aldatu eta argi koadro auxiliarrak aldatu) energetikoki eraginkorragoak izateko, hiri kalitatea eta zerbitzua hobetzearen alde eginez eta baita argi kontsumoa gutxituz be; altzarien erosketa, ludoteka eta liburutegirako apalak, hiri-hondakinen aukerako bilketa hobetzeko euskarriak, Tribisarrospera sartzeko kudeaketa sistema ezarriko da, Talaian aisialdirako eta kirola egiteko hiri-altzariak ezarriko dira, honen kasu, ping pong mahaiak ezarriko dira, parkea erakargarriagoa egiteko eta herrian pertsonen arteko harremanak dinamizatzeari laguntzeko. Segurtasun gehiagorako, batez be, umeei begira, parketik portura doan barandetan nabarrak jarriko dira, arraun elkartea eta surf elkartearen klubaren goikaldean; kiroldegirako sarbidea kontrolatzeko software bat erosteko asmoa dago be; udal kudeaketa administratiboa hobetzeari dagokionez,  espedienteen digitalizaziorako artxibo sistema propioa ezartzeko fase barri bat eramango da aurrera. Gainera, Udalak liburutegiko fondo bibliografikoetarako, ekipo informatiko barriak hartzeko eta turismoa promozionatzeko inbertsio iraunkorrak mantentzen dauz, azken hau, sektore ekonomiko nabarmena da, herrian aberastasuna sortzen duena.

Gastu eta pasibo finantzarioen gehikuntza, %9,3koa, 2008ko zoritxarrezko istripuaren kasuan, Udalak bete beharreko 1,1 milioietako indemnizazioari aurre egiteko beharrezkoa izan da, ondare eta erantzukizun zibila dela eta.