Albisteak

 

ALKATETZAREN ADIERAZPENA
EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNEAN

Martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunaren kariaz, Mundakako udalak zera adierazi nahi du:

Krisi ekonomikoa bizi dugun oraingo testuinguru honetan, iragarri behar dugu krisiak gogorren jo duela emakumeengan, emakume izate hutsagatik. Duela gutxi egin diren azterketek ondorioztatu dute Euskadiko gizonek bataz beste jasotzen dutela emakumeek baino 7000 euro gehiago. Soldaten arteko diskriminazio honek ezberdintasuna elikatzen du, eta “ gizon hornitzailea- emakume zaintzailea” eredu patriarkal eta sexista indartzea eragin lezake, emakumeak eta gizonak hornitzaileak eta zaintzaileak izan daitezkeela erakusten duen erreferente berdintzailea hedatu beharrean. 

Egoera honen aurrean, guk uste dugu berdintasuna emakume eta gizonen partehartzearekin eraikitzen dela, eta etxeko eta zaintza  lanetako ardurakidetasunaren alde gagoz..

Aitortu egiten dugu emakume taldeek orain arte egin izan duten lan handia, baina uste  dugu, osoko berdintasuna lortzeko asko egiteko dugula oraindik; eta, zentzu honetan, gazteei luzatu nahi diegu deialdi berezi hau. Beraien artean ezberdintasunaren manifestazioak  ez dira hain argi agertzen eta itxurazko berdintasun egoera bizi dute.

Gizarte berdintzailea nahi dugu, non emakume eta gizonak baldintza beretan ikusiak eta baloratuak izango garen, famili esparruan zein arlo sozialean, politikan, lanean eta erlijioan. Emakume eta gizonen arteko parte hartze orekatua exijitzen dugu, jardun profesionalaren garapenean eta famili bizitzan, eta zerbitzuak eta baliabideak eskatzen ditugu bizitza pertsonala, familia eta lana  ondo uztartzerik izan dezagun.

Horregatik guztiagatik, hiritargo osoa, emakume eta gizonak gonbidatu nahi ditugu, udal honetatik eta elkarteen aldetik Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko Euskal Herrian zehar antolatuko diren ekimen eta ekitaldietan parte har dezaten.