Albisteak

 

Mundakako Udalak mundakar guztion beharrizanetara egokitutako gune publikoak eskeintzearen alde egiten dau. Horrela, ikasketa areto barri bat atondu dau, batez be gazteen azterketa sasoietarako pentsatuta. Areto barria Udal Liburutegiko behealdean dago kokatuta eta jarduera sozio-kultural ezberdinak hartzeko prestatu da baita be, kasuan kasu, liburuen aurkezpenak, hitzaldiak edota ipuinkontalariak. 

“Geure herritarren eskaera bati erantzuna emoteko proiektua errealidade bilakatu dogu. Mundaka hazten doa eta herrian zerbitzuak bermatzeko formulak bilatzen doguz. Horregatik, beharrari ekin deutsagu eta ikasketa areto barria atondu dogu. Gainera, eraikinaren erabilpenaren koherentzia zainduz eta sinergiak sortzearen alde eginez, Udal Liburtegiko eraikinean ezarri dogu, zerbitzu kulturalak bertan batzeko”, nabarmendu dau Mundakako Alkateak, Aitor Egurrolak.

Ikasketa areto barriak kontsultarako liburuen liburutegi zabala dauko eta ikasteko erosoak diren altzariak be. Ondo argiztatutako gunea da, garbia, eta 4 mahai mugikorrak dauzka. 

Herriko garapen estrategiaren barne, bizitza sozio-kulturala sustatzea ezinbesteko helburua da. Hau errealidadea bilakatzeko Udalak kudeaketa eta inbertsino esfortzu handia egiten dau herrian azpiegiturak gehitzeko eta bide batez, herriko ekitaldi kulturalen ekimenak erraztuteko. Ekintza hauek interesgarriak eta erakargarriak dira herriko publikoarentzat eta baita Mundakatik kanpoko publikoarentzat be. Horregatik, erabilpen malgutasuna dago areto barrian, erabilpen anitzekoa izango da. Izan be, bestelako jardueren artean, liburuen aurkezpenak, hitzaldiak edota ipuinkontalarien saioak hartuko dauz.