Albisteak

 

Santa Katalina jaien barne, Mundakako Udalak bere ohiko Pil-Pil eran prestatutako Bakailao Lehiaketa beteranoa ospatuko dau. Aurton, lehiaketaren 33. edizinoa ospatzen da eta oso harrera ona dauko. Azaroaren 25an izango da lehiaketa gastronomikoa, udaletxeko arkupeetan. Jai giro, barriz, egueztenean, azaroaren 22an, hasiko da, Santa Zeziliaren ospakizunegaz.

Bihartik aurrera, azaroaren 22tik aurrera, herrian ospatuko diren jaietan parte hartzera animatzen dauz herritarrak Mundakako Udalak. Gabaz, musikak jai giroa alaituko dau txistularien kalejiragaz, plazatik hasita. Mundakako Abesbatzak herriko gune ezberdinetan abestuko dau. Barikuan, 24an, Santa Katalina bezperan, gabaz, plazatik baselizara zuzenduko da txistularien kalejirea. 

Zapatuan, azaroaren 25ean, Santa Katalina egunean, ohiko Pil-Pil eran prestatutako Bakailao Lehiaketa beteranoa ospatuko da. "Osagai nagusia giro ona da. Ahosabaiagaz eta zentzumen guztiekaz gozatzeko eguna. Mundakara hurbiltzeko aukera ezinhobea eta ohituraren bitartez, mundakarrok geure nortasuna sendotzeko perfektua”, azaldu dau Mundakako Alkatak, Aitor Egurrolak. 

Beste urte batez, , lehiaketa Udaletxeko arkupeetan egingo da. Goizeko 10:00etan hasiko da, orduan parte-hartzaileek ekin ahalko deutse kazola prestatzeari. Kazolak 13:00etan aurkeztu beharko dira. Ondoren, 14:30etan sari banaketa emango da.

Lehiaketaren oinarrien arabera parte-hartzaileak herriko txoko, taldeak edota partikularrak izango dira soilik. Erabil daitezkeen lehengai bakarrak bakailoa, olioa eta berakatza dira. Eta bakailoa ohiko moduan egin beharko da. Epaimahaiak puntuan dagoen, zaporea eta aurkezpena hartuko dau kontutan puntuatzerakoan.

Herriko txikienak protagonistak izango dira be, 11:00etatik aurrera Santa Katalinaren inguruan umeentzako jolasak egongo direlako. Gainera, nobedade gisa, aurton, Santa Katalina egunean ohitura zen Tarro-Apurtze jolasa berreskuratuko da (Mundakako Guraso Elkartearen kolaborazioagaz). 12:00tan Meza Nagusia ospatuko da baselizan. Ostean, herriari zuzendutako Ohorezko Aurreskua Santa Katalina Plazatxoan Jose Mari Egileor Txistulari Elkarteagaz eta ondoren sardina erreak eta salda.

Eguna borobiltzeko, 18:30etatik 20:00etara ume zein gaztetxoentzako Disko Festa izango da. Gabaz, Txilipitxeruek Kultur Elkarteak antolatutako kontzertuak izango dira Santa Katalina plazatxoan.