Albisteak

 

Mundakako Udalak herriko garapenaren alde egiten dau, ideia eta proiektuak landuz, baina herritarren adostasunagaz. Helburu hau jarraituaz herri-galdeketa burutuko dau, Mundakan garrantzitsuak diren gaiei buruzko herritarren iritzia ezagutzeko.

“Geure herritarren beharrizanak kontutan hartzea da Udalaren erantzukizuna, baita be herrian beharrezkoak diren zerbitzuak eskeintzea herriko bizi-kalitatea hobetuz eta Mundaka dinamizatu eta garatzeko proiektuen estrategian aurrera eginez. Horretarako, udal gobernuak mundakar guztien ideiak eta iritziak entzun gura dauz, orainguan herri-galdeketaren bitartez. Herrian bizi diren guztiei helaraziko dogu kontsulta hau. Gehiengoaren eskaerari erantzutea da geure erantzukizuna eta bakoitzak askatasun osoz bere iritzia agertzeko benetako aukera da hau. Galdeketan parte hartzera animatzen dodaz herritarrak. Izan be, udalaren ekintzak jasoko diren erantzunen gehiengoaren eskaeraren araberakoak izango dira”, azaldu dau Mundakako Alkateak, Aitor Egurrolak.

Horrela agertu eban bezala eta azken Osoko Bilkuran onartu ondoren, Bilduren kontrako botoa izanda, Mundakako Udalak herrirako garrantzitsuak diren gai ezberdinen gainean iritzia emoteko aukera emongo jake herritar guztiei.  Etxeetara bidaliko dauen galdeketa baten bitartez, Mundakako bizilagunek (adidunak eta erroldatuak), gaur egungo eta etorkizuneko gai ezberdinei buruzuko iritzia emon ahal izango dabe. Galdeketan honako gaiak agertzen dira: Mundaka Festival-a ospatu ala ez, Talaiako aparkalekura eraman diren edukiontzien kokapena, San Pedro jaietan barrakan izan ala ez edota kirol, kultura, herri lanen beharrizanak eta Udalaren lehentasunak zeintzuk izan beharko diren. 

Formularioa anonimoa izango da eta udaletxean ezarriko dan kutxa baten utzi ahal izango dira. Galdeketaren entrega zuzenean egin behar da, ahu da, herritar bakoitzak formulario bat bakarrik utzi ahal izango dau. Ezin izango da beste inoren formularioa utzi. Salbuespenezko kasuetan, mugikortasun arazoak izan ezkero, eta aurretiz eskatu ezkero, udaltzaingoak batuko dau formularioa.