Albisteak

 

Herriko neska-mutilen artean aisialdi osasuntsua bultzatzeko asmoz, Mundakako Udalak kirol aktibitateen programa zabala antolatu dau Aste Santuko oporretarako. Skate, patinak, frontenisa, futbola eta saski-baloia dira praktikan jarriko diren kirol modalitateak. 

Apirilaren 10, 11, 18, 19 eta 20an Mundakako neska-mutilek aisialdiaz gozatzeko kirol aktibitateen programa anitza izango dabe. "Haurtzaro eta gazteri osasuntsuak gura doguz eta horretako kirola aisialdia lez bultzatu behar dogu eta gozatzeko aktibitatea lez. Kirola egitean lagunartekotasuna, errespetua eta diziplina lantzen dira", azaldu dau Mundakako Alkateak, Aitor Egurrolak.

Modalitateak adinen arabera banatuko dira egun ezberdinetan. Horrela, astelehenean, apirilaren 10ean, skate praktikatzeko eta patinetan ibiltzeko aukera izango da, Isla Kale kiroldegian jarriko den zirkuituan.  Ordutegia 10:30etatik 12:00etara izango da, 12 eta 16 urte bitartekoentzat eta 12:00etatik 13:30etara 6 eta 11 urte bitarteko umeentzako. Protekzioak derrigorrezkoak izango dira.

Martitzenean, apirilaren 11an, frontenis txapelketa antolatu da herriko frontoian. Ordutegia, 10:30etatik 13:00etara izango da, 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilentzat. Hurrengo martitzenean, apirilaren 18an, futbola izango da aukeratutako kirola, teknifikazio tailerragaz. 10:30etatik 12:00etara izango da, 12 eta 16 urte bitartekoentzat.

Egueztenean, apirilaren 19an, saski-baloi partiduak jokatzeko aukera izango dabe 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilek Isla Kalen. Eguenean, apirilaren 20an, barriro be skate eta patinetan ibiltzeko zirkuitua egongo da.  Ordutegia 10:30etatik 12:00etara izango da 12 eta 16 urte bitartekoentzat eta 12:00etatik 13:30etara 6 eta 11 urte bitarteko umeentzat.

Udal kiroldegiaren bazkideentzako kirol tailerrak doakoak izango dira eta bazkideak ez direnek 2€ ordaindu behar dabe. Interesdunek Mundakako Udal Kiroldegian edota Turismo Bulegoan emon beharko dabe izena, apirilaren 7a baino lehen.