Albisteak

 

Mundakako Udalak uztaileko osoko bilkuran "Basamortu" izeneko EA-02 Jarduketa Integratuko Unitatean dagoen bizitegi-erabilerarako lurzati bat besterentzeko lehiaketa publikoa irekitzea onartu du, Mundakako Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrean (HAPOa) oinarritutako garapen urbanistikoa aurrera eramateko helburuarekin.

Lizitazioaren gutxieneko prezioa 491.607,52 eurotakoa da. Agiriak eta informazioa eskuratzeko azken eguna irailaren 29a izango da, eta eskaintzak aurkezteko azken eguna, berriz, urriaren 6a, osteguna, Mundakako Udalaren Erregistro Nagusian.

Lurzatiaren kalifikazioa eta bere zehaztapen urbanistikoak Mundakako HAPOan eta AIR-EA-02 "Basamortu" unitatearen Berariazko Arauetan ezarrita daude, 2015eko maiatzaren 8an Bizkaiko Foru Aldundiak onartuta. Mundakako Plan Orokorrak hiri-lurretan kokatutako Jarduketa Integratuko Unitate desberdinak zehazten ditu, hauen garapena finkatutako onartze epemugak errespetatuz burutu dadin; 2016, 2017 eta 2018 urteak dira ezarritako epea. 

"Basamortu" deituriko AIR-EA-02 Jarduketa Integratuko Unitatea HAPOan ezarritako epeen menpe dago, beraz, Udalak lurzati hau adjudikatzeko lehiaketa publikoa abian jartzea erabaki du uztaileko osoko bilkuran.

HAPOAk "Basamortun" planteatzen duen jarduketa urbanistikoa udalak udalerrian bukatu gabe dauden lursailak osatzen joateko duen helburuaren baitan kokatzen da, beti ere garapen jasangarria eta ingurumena kontutan hartuta eta herriko eredu sozio-ekonomikoari jarraituz. Horrela, "Basamortu" unitateko eraikitze eta garapenak Portutxu deritzon iparraldeko hiri-eremuaren beharrezko berrurbanizazioan lagunduko du, 60. hamarkadako lehenengo zabalgunea dena.

"Basamortu" deituriko AIR-EA-02 Jarduketa Integratuko Unitatean kokatutako lurzorua itsasoaren aurrean kokatzen den hiri-eremua da, eta Isla Kale pasealekuari jarraipena ematen dio; etorkizunean, Santa Katalinarekin lotu egingo da. "Basamortu" bi orubez osatutako 1193,75 metro karratuetako azalera duen lurzorua da. 

Lanen esleipenduna izango den enpresak lurzoru honetan eraiki behar izango du Mundakako irudiarekin bat doan diseinu moderno bati jarraituz, tradizioa eta garai berrien batura izango den diseinua erakutsiz. Eraikinaren diseinua, bestalde, indarrean dauden arauak zehaztutako jasangarritasun eta ingurumen irizpideak garatu behar izango ditu. Aurkeztutako proiektua salerosketaren eskritura publikoaren sinaduratik 3 urteko gehieneko epean egin beharko da.

Beheko solairuaren ustiapena eta solairu horren erabileraren definizioa eskaintza ekonomikotik bereiziz baloratuko da, euskal gastronomikoarekin erlazioa duen erabilera iradokitzen delarik.

Deialdiari buruzko informazioa eta pleguak www.mundaka.org web orrian eskuratu daitezke, Kontratatzailearen profila atalean, lehiaketa iraun bitartean. Mundakako Udalaren Zerbitzu Juridikoa eskuragai egongo da edozein zalantza edo argibiderako, beti ere aurretiko hitzorduarekin.