Albisteak

 

Mundakako Udalak, herriko elkarte eta kuadrillekin batera Jai Batzarrean, publiko guztientzako ekitaldiek osatutako jai egitaraua prestatu du San Juan eta San Pedro jaietarako.

Jaia, ekainaren 18an hasiko da, 20:00etan plazan egingo den Egunsenti Dantza Taldearen emanaldiarekin. Ekainaren 19an, igandea, eguerdiko 12:00etan III.MDK SWIM Bermeo-Mundaka uretako zeharbidea jokatuko da. "Dantza herrian oso errotuta dagoen agerpen kulturala da; horregatik, jaiei hasiera emateko ohorea izango dute aurten. Musika eta dantzaz gain, guztion gozamenerako jai egitaraua prestatzen saiatu gara, bai auzotarrek baita bisitariek ere giro onean jaietaz goza dezaten", esan du Aitor Egurrola Mundakako alkateak.

Ekainaren 22an Izar Bakoitza Bakarra da lelopean, Gorputz Adierazpeneko ikasleen ikuskizuna burutuko da Alkate Mallona gimnasioan, arratsaldeko 19:30etan. Ekainaren 23an Mundaka San Juan bezperan murgilduko da eta suaren inguruko dantzek ongietorria emango diote udako solstizioari. Arratsaldean, Sorgin Txikiaren su ematea izango da Errekan 18:30etan, 3,4,5 eta 6 urteko gaztetxoen dantzez lagunduz. Iluntzean, ohiko Sorgin Nagusia erreko da Talan; talara eraman baino lehen, herriko dantzariek dantza egingo diote Sorginari eta bere mosolo eta katu laguntzaileei plazan. Gaueko 02:00etara arte Talako Txiringitoan Black Floyd taldearen musikak giroa alaituko du.

Jai giroak ekainaren 24an jarraituko du, eguerdiko 12:00etan, Mundakako Surf Taldeak antolatutako Surf Bataioarekin; interesatuek izena eman beharko dute Turismo Bulegoan. Indarrak berritzeko, aproposa izango den bazkari herrikoia ospatuko da plazan 15:00etan; tiketak herriko zenbait tabernetan eta Turismo Bulegoan egongo dira salgai. Arratsaldeko 20:00etan kuadrillen bajada izango da Basaranetik behera eta 22:00etatik aurrera Txilipitxeruen musika karroa ibiliko da herriko kaleak alaitzen.

Ekainaren 25ean, goizeko 11:00etan, plazatik aterata, II.Krono igoera egingo da Mundakako Tropelak antolatuta. Arratsaldeko 18:00etan, Mundakako Gaztezar Dantza Taldeak urteko emanaldia eskainiko du plazan. 20:30etan Mundakako Abesbatzaren eta Los Barbis talde gonbidatuaren ekitaldia izango da Andre Mari Zeruratzearen parrokian. 20:45etatik aurrera, Mundakako Heacy eta Alter Ego eta Gernikako Dientes de Luna taldeen kontzertuez gozatzeko aukera egongo da plazan.

Ekainaren 26ko eguna, goizeko 8:00etan hasiko da Gaztezar Mendi Taldearen laguntzarekin antolatutako mendi ibilaldiarekin. Goiz eta arratsaldean Isla Kale kiroldegian X. Euskadiko Selekzioen arteko Eskubaloi Txapelketa ospatuko da eta eguerdian kirolariek plazan bazkalduko dute.

Musika plazara itzuliko da eguerdiko 13:00etan, Mundakako Jose Mari Egileor Txistulari Elkartearen eskutik. Arratsaldean, 18:00etan, txikienek apar-festa tematikoaz gozatuko dute, pirataz jantzita. Eguna Katillotxu Emakumeen Elkarteak antolatutako dantza ekitaldiarekin bukatuko da, 19:30etatik aurrera.

San Pedro jaiei hasiera ona emateko, ohitura galdu barik, ekainaren 27tik 28rako gauean (03:00etan) Alborada entzungo da. Arratsaldeko plana 19:15etan hasiko da berriztu berri diren buruhaundien aurkezpena eta argazki kolektiboarekin. 19:30etan, kalejira izango da txistulari eta buruhaundiekin batera.

Ekainaren 29an, San Pedro eguna, txistularien kalejira izango da 10:30etan. 12:00etan Meza Nagusia eta ondoren, prozesioa santuari eta ohorezko aurreskua. Arratsaldeko 18:30etan pelota partiduak jokatuko dira frontoian eta 21:30etatik aurrera Oxabi erromeriak alaituko du giroa plazan.

Ostegunean, ekainak 30, ekitaldiak arratsaldean zehar burutuko dira: Playback-eko photocall-a Ludotekan 18:15etan, umeen playback-a 19:00etan eta nagusien playback-a 22:00etan. Jai giroa uztailaren 1ean jarraituko da. 12:00etan meza ospatuko da nagusien omenez, 12:30etan Itsas Jaia portuan, ohiko kukañarekin eta 14:30etan, herriko nagusien bazkaria ospatuko da kasinoan. Arratsaldea alaitzeko Disco Bengalarekin izango dute dantzaldia nagusiek.

Arratsaldeko 18:30etan pala partiduak jokatuko dira frontoian, eta 20:00etan futbol sala partiduak Isla Kale kiroldegian. Iluntzean, 60, 70 eta 80. hamarkadetako musika berbena izango da egunari amaiera emateko.

Sukalki txapelketa uztailaren 2an izango da (10:00etan hasiz). 11:00etan txistularien kalejirak alaituko du herriko giroa. Kazuelen aurkezpena 13:00etan egingo da, eta jarraian sari banaketa. Arratsaldeko 18:30etan pelota partiduak jokatuko dira frontoian. Dantzatu nahi dutenek iluntzean izango dute aukera, Zirkiñik Bez taldearen eskutik plazan izango den erromeriarekin.

Domekan, uztailaren 3an, jaiei bukaera emango zaie. 11:00etan txistularien kalejira egongo da buruhaundiekin batera eta 12:30etatik aurrera txikienek puzgarrietaz gozatzeko aukera izango dute goiz zein arraltsaldez. 19:30etatik aurrera, ume eta nagusiek dantza egiteko aukera aparta edukiko dute disko festarekin batera eta jaiei amaiera emateko, azken traka izango da portuan.