Albisteak

 

Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, beste urte batzuetan bezala, bilketa solidarioaren gunea abenduaren 30ra bere Busturiko egoitzan martxan jarri du erabilitako arropa eta jostailuak biltzeko.

Ekintza honen helburua bikoitza dugu: alde batetik, kolektibo behardunekiko laguntza eta solidaritatea adieraztea eta, bestetik, batzuentzat erabilgarriak ez diren materialak birziklatzea eta berrerabiltzea.

Erabilitako jostailu eta arropak irabazi-asmorik gabeko elkartea den Koopera Ingurumen Zerbitzuak batuko ditu; giza-ekimena sustatzen duten kooperatiba eta enpresa taldea. Bere helburua, ingurumen babesa eta giza-berrikuntzaren inguruko ekintzen bitartez bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonen laneratzea eta gizarteratzea da.

Koopera osatzen duten kooperatibak, gizarte-errentagarritasuna bilatzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira; baliabideak, espekulazio-irizpideak jarraitu barik kudeatzen dira, eta gaizkien pasatzen duten pertsonen lan eta gizarte egoera hobetzeko erabiltzen dira, beti ere Ekonomia Zirkularra bultzatuz.

Euskadiko Biodibertsitate Zentroa Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak kudeatzen du sail honi atxikita dagoen Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bitartez.