Albisteak

 

Mundakako Udalak geure ondare naturala babestearen konpromiso sendoa du eta Mundakako ezker olatua babestu beharreko balio naturala da eta gainera olatuak turismoa erakartzen dau herrira eta eskualde osora. Hau dela eta, Laidako hondartza berreskuratzeko martxan jarritako lanek olatuaren gainean eragin ditzakeen kalteen aurreko kezkak kontutan hartuz, Mundakako Udalak mahai-ingurua burutu eban. Bileran Aztiko teknikariek, Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek, Eusko Jaurlaritzako teknikariek eta Madrilgo gobernuaren Itsasertz Demarkazioko teknikariek parte hartu ebeen.  Bilera publikoari zabalik egon zan eta 150 pertsona inguru batu ziren, besteak beste, herriko elkarteak eta Mundaka Surf Taldekoak. Mahai-inguruak hiru orduko iraupena izan zuen eta teknikariek publikoak egindako galderak erantzun ebezan.

Laidako hondartza berreskuratzeko lanek ezker olatuan eraginik ez ebezala izango baieztapen teknikoaren aurrean surfistek zalantzan jartzeko datuak zeukatela adierazi eben. Horrela, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuari (E.J) eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurugiro Sailari proiektuaren analisi barri bat egitea edo bigarren iritzi batek galdera honi zuzenean erantzutea eskatu eutsezan: Laidako hondartza berreskuratzeko martxan jarritako lanek ez dabe Mundakako hondarpea eta "Olatua" ri kalterik egingo?

Kontuzko gaia den heinean, surfistentzako ezezik Busturialdeko bizilagun guztientzat be, Mundakako Udalak kezka honi erantzunez, lanak burutzen dauzen Madrilgo Gobernuko Itsasertz Demarkazioari,Laidako obrak gelditzeko eta moteltzeko eskaera ofiziala luzatu deutso astelehen honetan. Honek ez dau eragozpenik suposatuko kaltetutako zerbitzuak eta irisgarritasuna egokitzeko lanen jarraipenerako. 

Egoera guzti honen aurreran, Mundakako Udala Ibarrangeluko Udalagaz kontaktuan egon da, udalerri honetan kokatuta baitago Laidako hondartza. Biak ados dagoz "eskualde osoko ondarea da, babestu beharrekoa."
Ezkerreko olatu famatu honek mundu osoko surflari ugari erakartzen ditu urtero eta urte guztian zehar. Olatua Mundakako hondarpean hasi eta Laidako hondartzan bukatzen da. Hego-hego-mendebaldeko haizeek sortzen daben uhin honek 4 metroko altuera eta 400 metroko luzeera izan ditzake. Urak tutu biribil bat eratzen du, eta barnean surfean ari diren surflariek kostalde osoa ikus dezakete; ezaugarri horrek balio erantsia ematen dio olatuari.