Albisteak

 

Mundakako Udalak udal ludoteka zerbitzua oraintsu esleitu dau bertan eskeintzen diren aktibitateak dinamizatzeko helburuagaz. Mundakako neska-mutilek tailer barriekaz gozatzeko aukera izango dabe, besteak beste, "zirku proiektua"ren barnekoak, zirkuko munduarekin lotutako esku-lanak eta aktibitateekaz.

Mundakako Udalak herriko bizitza sozio-kulturala dinamizatzeko lan egiten  dau, herritar guztiei zuzenduta.Gaztetxoen aisialdirako gune eta jarduerak eskeintzeko asmoz, oraintsu esleitu dau udal ludotekaren zerbitzua.

Mundakako Udal Ludotekaren zerbitzuak jarduera egitarau zabala eskeintzen dau, tailer eta ekintza ezberdinekaz. Zentzu honetan, Mundakako neska-mutilek honako tailerretan parte hartu dabe jada: abalorio tailerra, zirkuko lehen tailerra, Haloween egunaren inguruko jardunaldia edota marrazkien bitartez umeen irudimena lantzeko jardunaldia. 

Azarorako "zirku proiektua"ren barneko beste bi tailer daude antolatuta, azaroaren 9a eta 16rako. Domekan, azaroaren 9an, umetxoek malabarismoa egiteko kariokak egin eta mural bat margotuko dabe. Azaroaren 16an ekintzak zirkuaren emanaldiaren inguruan batuko dira, bertan tailerretan egindako materiala erabiliko dabe.

Mundakako udal ludotekak neguko ordutegia mantentzen dau, bariku, zapatu eta domeketan zabalik. Barikutan ordutegia bi txandatan dago bananduta: 18:00etatik 19:00etara, 4 eta 7 urte bitarteko umeentzako, eta 19:00etatik 20:00etara 7 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzako. Zapatuetan, 8 eta 12 urte bitarteko umeentzako dago zabalik, 17:30etatik 19:00etara eta 19:00etatik 20:30etara. Domeketan 4 eta 7 urte bitarteko umetxoentzako, 17:00etatik 18:30etara eta 18:30etatik 20:00etara dago zabalik.